ZORTZIAK BAT

12358256_10209350096013839_66687725_n Bat-batean konturatu ginen. Betidanik begien bistan eduki genuen, eta gu ohartu ez. Baina egun batez garbi, aratz, garden agertu zitzaigun: 1177 urtea. Errioxa Nafarroako Erresumatik atera zena. 1+7=8. 8ak 1. Seinale bat zen. Ia 15 urte politikagintzan, zatiketaz zatiketa, eszisioz eszisio. 15 urte estrategiarik gabe. Eta halako batean gure noraezari zentzua aurkitu genion. 8ak 1. Aurreneko aldiz bagenekien nora ailegatu behar genuen, nola hauspotu zitekeen independentismoa euskal zortzi lurraldeetan. Ematen zuen galtzeko jaio ginela, derrotismora jokatzen pasa genuen bizitza, eta, hara, orain argia ikusten genuen estreinakoz hortzimugan. 2016. urtea da Euskal Herrian. Bost urte dira ETAk behin betiko su etena iragarri zuenetik. Indar independentista guztiek bide zibil eta demokratikoak dituzte helburua lortzeko modu bakar. Baina gaur da eguna independentismoak krisi politiko izugarria bizi duena. Noraezean dabil, aldebakartasuna aldarrikatu bitartean oraindik aldebikotasunean soilik uler daitezkeen keinuak egiten. Gizartearen kezkak aldatu direla ematen du. Aurrenekoz, Hego Euskal Herrian, indar estatalista batek lortu du transgresioaren nozioa gorpuztea. Independentismoak baino hobeto irakurri ditu aldaketaren klabeak. Amaieraren hasieran gaudela dirudi. Txoministok herritik eta herriarentzat jaio ginen. Txoministok borrokatzeko jaio ginen. Orain eta hemen, egoera iraultzeko eta prozesu independentista gailurrera eramateko gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude. Errioxan baldintzak daude Euskal Herriarekin anexionatu nahi duen proiektu bat modu arrakastatsuan gauzatzeko. Olatuaren hasiera litzateke, pixkanaka gainontzeko probintzietara zabalduko litzatekeena. Euskal Herriaren historian aurreneko aldiz, egungo mugez haraindi, etsaiaren sukaldean bertan abiatuko dugu askapenera eramango gaituen kolpe definitiboa. Euskal Herria edo asmatua izango da edo ez da izango. Eta Txoministok asmatzera goaz.
parallax background

ZORTZIAK BAT